miércoles, 14 de abril de 2010

EUROPAR IKASLEEN KONTRAGAILURRA MADRILEN. BOLOGNA FUCKING UP!!!‏

Hona hemen Madrileko kontragailurraren inguruko kronika txiki bat.Osorik edota zatiak difunditzeko.
Gaztelerazko informazioa:http://bolognaburnsmadrid.wordpress.com/ http://www.centrodemedios.org/


Aquí una pequeña cronica de la contracumbre de madrid. para difusion total o parcial
+Info:http://bolognaburnsmadrid.wordpress.com/ http://www.centrodemedios.org/

EUROPEAR AGINTARIEN AURREAN, IKASLEOK TINKO!
BOLOGNA IS BURNING UP IN MADRID!!!


Ingelesezko izenburuak dion bezela, bologna prozesua Madrilen erretzen ari da. Apirilaren 13an, europar gobernuetako hezkuntza arloko goi-agintariak ospatzen duten Gailurraren harira, Europako bazter ezberdinetatik (Portugal, Belgika, Austria, Italia, Alemania, Eslovenia, Euskal Herria edota frantziar eta espainar estatuen administraziopeko beste herrietatik) Madrilera gerturatu garen ikasleok Kontra-gailur bat antolatu dugu ekintza ezberdinak eginez, behin eta berriro errepikatzeko asmoz, hezkuntzak ez duela kapitalaren Europaren kostua bere gain hartuko. Horretarako, Bologna fucking up Group izeneko plataforma sortu dugu apirilaren 8tik 14raino irauten duen mobilizazio astearen baitan, eta Euskal Herriatik Leioako EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Asanbladako kide batzuk bertaratu gara.
Hartara, ikasleok gure gune propio bat hartu dugu, Madrileko Universidad Complutense-ko filosofia eta filologia fakultatean itxialdia burutuz, gela handi bat, hall-a eta areto nagusia okupatuz. Gune hau erreferentzi hartuta, gure neurrira eginiko hezkuntza eraiki dugu, hitzaldiz, asanbladaz, tailerrez, giro onez eta esperientzia berriz josia, ikasleok ikasleontzat diseinatu eta burutua.
Europar ikasleon kontragailurra ostegunean abiarazi genuen, era baketsu eta hitzartuan aipaturiko guneak okupatu zirenean.
Goiz hartan bertan, eta RES (Rompamos El Silencio) gizarte mugimendu ezberdinen plataformaren eskutik, Ameriketako Etxera sartu eta zenbait pankarta eskegi ziren, mobilizazio asteari hasiera emanez eta erakunde horren aurkako salaketa eginez (Hegoamerikan duen paperagatik, banku handi eta arma industrien parte hartzeagatik, besteak beste). Era berean, okupaturiko fakultatean neoliberalismoa, hezkuntza eta Bologna Prozesuaren inguruko bi hitzaldi burutu ziren. (Argazkiak eta bideoak ikusteko Klik hemen)
Ostiralean, apirilak 9, hitzaldi eta tailer programa betearekin jarraitu zen, eta, beste alde batetik, goizean zehar Santander bankuaren egoitza nagusian protesta ekintza bat burutu zen, zenbait banku eta enpresa pribatuek unibertsitatean nahi duten esku-hartzea salatzeko. Bertan protesta eta performance-ak egin ziren, poliziaren presioagaitik ateratzeko beharra ikusi zen arte. (Argazkiak eta bideoa ikusteko Klik hemen)
Larunbatean, hitzaldi programarekin jarraitzeaz gain, liburu desjabetzapen bat burutu zen, Casa del Libro delako multinazionalaren egoitzan. Eguerdian, 50 pertsona inguru sartu ziren aipatutako liburudendan, bertan, zenbait argitaletxek (Planeta edo Espasa, besteak beste) hezkuntzaren merkantilizazioan duten garrantzia aipatzen zeneko komunikatu bat irakurri ondoren, hauetako liburuak hartu ziren, jabego intelektuala bezalako kontzeptuak ere salatuz. Segurtasun pribatua gogorki oldartu zitzaien ekintza honetako partehartzaileei.
Igandeari dagokionez, goizean koordinazio internazionaleko asanblada burutu zen, nazionalitate anitzeko jendeekin, eta arratsaldean koordinazio asanblada orokorra. Bertan, astelehenerako manifestazioaren nondik-norakoak definitu ziren. Gauean, berriz, hirian zehar kokaturiko banketxe ezberdinetan ekintzak egin ziren, margoketak eginez eta zerrailak itxiz, besteak beste.
Astelehena mobilizazio asteko egun garrantzitsuenetakoa zen, goizetik klaseetan eta unibertsitate sarreretan arratsaldeko manifestaziorako deialdia zabaldu genuen, eskuorri banaketa eta burrunbadak eginez. Arratsaldean, manifestaziorako deialdia 19:00etarako egina zen. Metro irteeretan poliziaren presentzia eta erregistroak egon baziren ere, 3000 pertsona inguruk Atocha-tik Hezkuntza ministeritzarako bidea egin genuen, berriro ere indar polizialen presentzia itogarriarekin (Hezkuntza Ministeritzan 10 furgoneta inguru zeuden, hesiz eta 70 porradun poliziaz babesturik). (Klik Hemen)
Gaur, asteartea, Hezkuntza Ministrarien Bilera ospatzen den egunean, bi bide mozketa (blokeo)burutu ditugu. Prado Pasealekuaren bi aldeetan. Lehenik, Atotxa kalean 20 ikasle inguru burnizko hodi eta kateez lotu dira. Segituan polizia mordoa iritsi eta oldartu zaie, mehatxuka, eta. ordu erdi beranduago hodiak kendu eta partehartzaile guztiak identifikatu dituzte. Beranduxeago, Cibelesen, Espainiako Banku Zentralaren ondoan, 80 bat ikaslek bidea eten dute 45 minutuz polizia andanaren presiopean ekintza bukatutzat eman den arte. Ondoren guztiak identifikatuak izan dira eta Atotxako metroaren bidea poliziaren zaindaritzapean egin dute. (Hemen Xehetasunak, Argazkiak eta bideoa)
Bestalde, gaur arratsaldeko 20:00etan bizikleta martxa bat antolatu da, gauean jai bat eta bihar goizean, amaitzeko Kontragailur guztiaren balorazio asanblada bat.
Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu, Europa osotik etorritako ikasleok adierazi diegula Hezkuntza Ministeritzei gure desadostasuna,argo eta garbi esan diegula ez gaituztela errepresentatzen, ez gaudela beraien bidegabekeriaren ondorioak onartzeko prest, eta erakutsi diegu ikasle mugimenduak aurrera egiten duela Europan, eta borrokan jarraituko dugula, ikasgelaz ikasgela, fakultatez fakultate eta unibertsitatez unibertsitate aurre egingo diogula hezkuntzaren merkantilizazioari, eredu neoliberalaren beste esparru bat bezela.

BOLOGNA GELDITZERA GOAZ!
HEZKUNTZAK EZ DU ORDAINDUKO KAPITALAREN EUROPA!
GORA IKASLE BORROKA!

No hay comentarios:

Publicar un comentario