miércoles, 8 de junio de 2011

Selektibitatean ere 2015 Unibertsitate Estrategiari EZ!!

Gaur goizean, Leioako ikasle mugimendua bizi garen komunitate unibertsitarioaren hipokresia eta merkantilizazioa salatzera atera da Selektibitatearen egun honetan.

Goizean goiz, pankarta ezberdinak zabaldu dira: Medikuntzako Asanbladatik euskararen alde matrikulazioak euskaraz egitea aldarrikatuz, gazte independentistek eskubide zibil eta politikoen defentsan Gazte bat gehiago ez! dinamika aldarrikatuz, eta Gizarte Zientzietako Asanbladaren eskutik "Bienvenid@s a la Universidad ¿Pública? patrocinada por: ConfeBask, Petronor, BBK, El Correo..." zeritzon pankartarekin UPVren eta hezkuntzaren merkantilizazioa salatuz.

Ondoren, selektibitatea egin behar zen eraikina kartelez josi dira aldarrikapen ezberdinekin: kontrol soziala salatuz "Zona videovigilada, kamaraz zaindutako gunea", merkantilizazioa salatuz "UPV=Petronor, Ertzaintza, ConfeBask, El Correo, BBK, kamerak..."edota 2015 Unibertsitate Estrategia eta merkatuaren menpeko Unibertsitate Publikoaren finantzazioari buruz ANECAk eta Hezkuntza Ministraritzak kaleratutako testuak.

Era berean, azterketak baino lehen, ikasleen sarrerarekin koinzidituz tolesturiko eskuorri txiki batzuk banatu dira. Bertan, alde batean zera jartzen zuen: "Ikasle, ez irakurri azterketa bukatu arte". Eta beste aldean honako hau: "Zeri deitzen diogun: Hezkuntzaren pribatizazioa, elitizazioa, Full-time study, Infantilizazioa, Unibertsitate Estrategia 2015, Hezkuntza lehiakorra... Sakontasun handiagoz: http://selektibitateleioa.wordpress.com/". Eskuorria zabaltzean, barnean, Hezkuntza eredu espainiarrari buruzko eskematxoa azaltzen zen, zera azalduz: Selektibitatetik ateratako zenbakiak bizitzaren laburpen gisa, zein nolako etorkizuna dugun aukera, ilusio eta lan irteerei dagokienez. Amaieran, ametsak merkatuaren beharrak bihurtzen direla jakinarazten delarik.

Azkenik, Leioako ikasleek antzerki batez UPVren errealitatea irudikatu nahi izan dute: Agintzen duen enpresari batek segurata bat sokaz eusten zuelarik, barra-kodedun maskaraz jantzitako ikasle/bezeroak gidatzen zituen. Antzerkia, Selektibitatea egiten zen klase ezberdinetitatik eta pasiloetatik pasa da.

Guzti honekin, Leioako ikasleek enpresen eta indar polizialen presentzia, 2015 Unibertsitate Estrategiak suposatzen duen hezkuntzaren merkantilizazioa (UPVren Kontseilu Sozialeko lehendakari berria José Manuel de la Sen Larrea da, Petronor enpresako buruetako bat), euskeraren egoera tamalgarria, prekarietatea eta etorkizun iluna, jakintza kritikoaren kalte produktibitatea bilatu izana edota kontrol soziala salatu nahi izan dute, Selektibitatea bezalako ekimen elitista eta lehiakorra egiten den egun honetan.

Informazio gehiago eta aldarrikapena irakurtzeko: http://selektibitateleioa.wordpress.com/